jueves, 17 de marzo de 2011

KORTXOA

25 zentimetroko oskola egiten zaio enborraren inguruan, eta horixe kentzeko garaia heldu zaie lanbide antzinako horretan aritzen direnei. Kortxoa egiteko erabiltzen dute gero.Dom Pèrignon fraideak aurkitu zituen material bikain horren dohainak.
Artelatza 25 urterekin heltzen da helduarora, eta orduan kentzen diote azal nerabea, zimurrez eta arrakalaz betea, gorabeheratsua eta enborrari gogotik atxikia. Bere burua biluzik ikusten duenean, berriz ekiten dio azalez janzteari, baina bederatzi urte behar izaten ditu guztiz estaltzeko. Izerdia mugitzen hasten denean, enborra ukitu ere egin gabe zuritzen dute arbola . Indarrez, trebetasunez eta errespetuz, goitik behera josten dute arbola aizkorekin; ebaki bertikal eta garbia bilatzen dute, horrela lortzen da-eta kortxo fina, erregularra eta homogeneoa. 150 urtetan hiltzen da artelatza, zahartuta, baina mende eta erdi luze horretan, etengabe ibiliko da jantzi-erantzian.
    Ordu erdi behar izaten dute ateratzaileek zuhaitza zuritzeko. Zatitzaileari ematen diote gero txanda, eta hark, tira edo zerrenda txikietan zatituko du artelazkia, errazago garraiatu ahal izateko eta leku txarren batetik ez apurtzeko. Metatzaileak pilatzen ditu zerrenda horiek, eta garraiatzaileak kargatzen. Zama kamioietan jarri ondoren, fabriketara abiatzen dira, non eguneroko lanarekin egiten dieten aurre kortxoa ordezkatu nahi duten alternatiba sintetikoei.
Kortxotik ateratzen diren produktu guztietatik, tapoia da baliotsuena, eta horri esker bizi da kortxoaren industria. 600 enpresa inguru aritzen dira jardun horretan , eta 3.000 laguni ematen diete lana. Transformatze-prozesua zaila eta mekanizatua da, gero eta lehia handiagoa dago, eta merkatu berriak ere sortzen ari dira. Portugal da inportatzaile nagusia, Frantzia ondoren eta Alemania gero, eta indar handia hartzen ari dira Txile eta Hegoafrika ere, ardoari gero eta estimu handiagoa diote-eta herrialde horietan.


Kortxoak egitura eta osaera kimiko bereziak ditu, eta dohain ugari ematen dizkio horrek. Material arina da, elastikoa, bero handiak jasateko gaitasuna du, erraz erabiltzen da, isolatzaile ona da eta, gainera, guztiz naturala eta birzikla daitekeena. Kortxo mota bat baino gehiago daude, eta zein erabiltzen den, horren araberakoa izango da, nagusiki, tapoiaren kalitatea. Ongi kontserba dadin, bi aldiz egosi behar izaten da. Kortxoak ur gehiago hartzen duelarik, handitu egiten zaio bolumena, eta halaxe eramaten dute sotoetako biltegietara; astebetez edukiko dute han, eta zatitzea izango da hurrengo urratsa. Xafla zirkular batekin moztu, eta kortxo-tirak edo -zerrendak aterako dituzte, tapoiak izango duen neurria baino zertxobait zabalagoak. Prozesua amaituta, bereizi beharra izaten da gero, hau da, tapoi akastunak alde batera utzi eta erabilgarriak hartzen dituzte. Tapoitarako balio ez dutenak beste prozesu batzuetara bideratzen dituzte, eta kortxo horrekin, erlauntzak egiten dituzte, isolatzaileak, parketak eta eraikuntzako beste elementu batzuk, ibilgailuen junturak, oinetakoak, papera eta moda-modan dauden ehunak ere bai. 

Jon Zubieta 

 

1 comentario: